MacConkey agar

MacConkey agarra mikrobiologiako laborategietan erabiltzen den hazkuntza-ingurune solidoa da, eskakizun nutritibo apalak dituzten bakterio Gram negatiboak (enterobakterioak, batez ere) hazteko erabiltzen dena.

Alfred Theodore MacConkey mikrobiologo britainiarrak 1905ean erabili zuen estreinakoz bere izena daraman hazkuntza-ingurunea.

Hazkuntza-ingurune hautakorra eta bereizgarria da hau. Hautakorra, kristal morea koloratzailea eta behazun-gatzak dituelako, bakterio Gram positiboen hazkuntza galarazten dutenak. Eta bereizgarria, gorri neutro koloratzaileari esker laktosa hartziten duten eta ez dutenen arteko bakterio enterikoen bereizketa egiten duelako (hartzitzaileek kolonia arrosak eratzen dituzte, eta besteek kolorerik gabeko koloniak) [1].

MacConkey hazkuntza-ingurunearen elikagaien iturri nagusia peptonak dira.

Osaketa

MacConkey hazkuntza-ingurunearen osagarriak hauek dira [2]:

  • Gelatinazko peptona - 17 gr.
  • Haragi-peptona - 1,5 gr.
  • Laktosa - 10 gr.
  • Behazun-gatzak - 1,5 gr.
  • Sodio kloruroa - 5 gr.
  • Gorri neutroa - 0.03 gr.
  • More kristala - 0,01 gr.
  • Agarra - 13,5 gr.

Laktosaren hartzidura

MacConkey agarrean Lac+ koloniak ikusten dira (ezkerrean) eta Lac- (eskuinean).
  • Laktosa hartzitzen duten enterobakterioak (Lac+): Laktosa hartzitzerakoan, bakterio hauek ingurunea azidotzen dute, Ondorioz, gorri neutro koloratzaileak kolore arrosa-gorria hartzen du (kolonia arrosak). Talde honetan Escherichia coli, Enterobacter, Klebsiella, Citrobacter....daude.
  • Laktosa hartzitzen ez duten enterobakterioak (Lac-): Inguruneko pHa ez da aldatzen, beraz koloratzaileak ez du aldaketarik ere (kolorerik gabeko koloniak). Talde honetan Salmonella, Shigella, Proteus eta Yersinia, besteak beste, daude [3].

Erreferentziak

  1. Forbes, B, Sahm, D.F., Weissfeld, A.: Diagnóstico Microbiológico Ed. Panamericana (2004), 15 orr. ISBN: 950-06-0796-4
  2. MacConkey Agar Britania Lab
  3. Forbes, B, Sahm, D.F., Weissfeld, A.: Diagnóstico Microbiológico Ed. Panamericana (2004), 140-143 orr. ISBN: 950-06-0796-4

Kanpo estekak

Autoritate kontrola
  • Wikimedia proiektuak
  • Wd Datuak: Q1542323
  • Commonscat Multimedia: MacConkey agar / Q1542323

  • Wd Datuak: Q1542323
  • Commonscat Multimedia: MacConkey agar / Q1542323