Idoia Santamaria
Idoia Santamaria | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Donostia, 1962 (61/62 urte) |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Jarduerak | |
Jarduerak | itzultzailea eta zuzentzailea |
Enplegatzailea(k) | Elhuyar Fundazioa |
Jasotako sariak | ikusi
|
Idoia Santamaría Urkaregi (Donostia, 1962) itzultzailea eta zuzentzailea da. Gaur egun, Elhuyar Fundazioan ari da itzultzaile- eta zuzentzaile-lanetan, eta zenbait literatura-lan ditu itzuliak.
Ibilbidea
Euskal Filologian lizentziaduna da, eta euskara-irakasle aritu zen 1980ko hamarkadan[1]. Bikoizketarako testuak itzultzen eta egokitzen ere ibilitakoa da. Europar Batasuneko Itzulpen Zerbitzuan, gaztelaniarako itzultzaile-lanean aritutakoa da, eta, 2004tik aurrera, Elhuyar Fundazioko itzultzaile, zuzentzaile eta irakaslea da. Besteak beste, euskaratik gaztelaniara itzultzeko eskolak ematen dizkie itzultzaileei.
Hainbat literatura-lan itzuli ditu: 1992an, E.M. Fosterren Aingeruak nekez ausartzen diren tokian itzuli zuen, Literatura Unibertsala bildumaren barruan.
1998. eta 2000. urteen artean, hiru lan itzuli zituen gaztelaniara: Pablo Sastreren Las cosas se han complicado un poco (Gauzak apur bat konplikatu dira), Patxi Iturregiren Con el viento en contra (Haize-kontra) eta Xabier Mendiguren Elizegiren Mi vieja montaña (Berriro igo nauzu). Guztiak ere Hiru argitaletxeak argitaratu zituen.
2012an, Simon Singhen Kodeen liburua. Kodeen eta kodeak hausteko sistemen historia sekretua saiakera-liburua itzuli zuen, eta Elhuyarrek argitaratu zuen.
2018an eta 2019an, Literatura Unibertsala bildumako lan bana itzuli ditu: Friedrich Dürrenmatten Epailea eta haren borreroa eta Ingeborg Bachmannen Aldibereko ipuin-liburua. 2020an euskarazko itzulpen saria jaso zuen Euskadi Literatura Sarietan, Ingeborg Bachmannen Aldibereko lanaren itzulpenagatik.[2]
Halaber, EIZIEren 31 eskutik blogean kolaboratu zuen, 2012an eta 2013an.
Argitaratutako itzulpenak
- E.M. Foster: Aingeruak nekez ausartzen diren tokian (1992, Ibaizabal). Literatura Unibertsala bildumaren barruan argitaratutako lana, itzulpen-lehiaketa irabazi ondoren.
- Pablo Sastre: Las cosas se han complicado un poco. Sorburu-testua: Gauzak apur bat konplikatu dira (1998, Hiru).
- Patxi Iturregi: Con el viento en contra (2000, Hiru). Sorburu-testua: Haize-kontra.
- Xabier Mendiguren Elizegi: Mi vieja montaña (2000, Hiru). Sorburu-testua: Berriro igo nauzu.
- Simon Singh: Kodeen liburua. Kodeen eta kodeak hausteko sistemen historia sekretua (2012, Elhuyar).
- Friedrich Dürrenmatt: Epailea eta haren borreroa (2018, Erein; Igela).
- Ingeborg Bachmann: Aldibereko (2019, Erein; Igela).
- W. G. Sebald: Austerlitz (2022, Igela).[3]
- Karl Marx: Luis Bonaparteren brumairearen hemezortzia (2023, Igela).[4][5]
Erreferentziak
- ↑ «NorDaNor | EIZIE» nordanor.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-12).
- ↑ «Euskadi sariak, Aixa de la Cruz, Idoia Santamaria eta Uxue Alberdirentzat» Euskal Irrati Telebista 2020-10-14 (Noiz kontsultatua: 2020-10-14).
- ↑ Irizar, Itziar Ugarte. «'Austerlitz', oroitu ezin denaren emaria» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-03-08).
- ↑ Irizar, Itziar Ugarte. «'Luis Bonaparteren brumairearen hemezortzia'» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-03-23).
- ↑ «Tragedia eta fartsa historian» Berria 2023-05-17 (Noiz kontsultatua: 2024-01-31).
Kanpo estekak
- Idoia Santamaríaren artikuluak, 31 eskutik blogean.
- Idoia Santamaríari egindako elkarrizketa, Hitzen Uberan atarian, Ingeborg Bachmannen Aldibereko liburuaren itzulpena dela-eta.
- Idoia Santamaríak itzulitako lanei buruzko kritikak, Armiarmaren Kritiken hemerotekan.
- Datuak: Q90405761