Crack (droga)

Crack (droga)
Irudi gehiago
Konposizioakokaina
Identifikatzaileak
MeSHD016578

Cracka droga estimulatzailea da, kokainatik eratorritakoa. Kristal itxura dauka eta erre egiten da. Euforia handia ematen die kontsumitzaileei, baina efektua laburra da, eta azkar sortzen du adikzioa. Haluzinazioak, bortxazko portaerak eta suizidioak ere eragiten ditu.[1]

1984-1985 bitartean asko hedatu zen crackaren kontsumoa aisialdirako droga gisa New York, Filadelfia, Baltimore, Washington, Los Angeles, San Frantzisko eta Miamiko auzo pobretuetan. Crackaren epidemia 1990eko hamarkadan baretu zen, metanfetaminaren erabilerak ordeztu zuelarik.[2]

Izena

"Crack" izen onomatopeikoa da, kristal pusketek erretzean ateratzen duten hotsari erreferentzia egiten diona.[3]

Ezaugarri fisikoak eta kimikoak

Cracka kokainaren base librea da. Fabrikatzeko teknikak 1974an Kalifornian aurkitutako Free Basing izeneko prozeduran du oinarria. Helburua, kokaina klorohidratoa kokaina-pastaren antzeko bihurtzea da, gero erre ahal izateko. Hiru modu daude:[3]

Sodio bikarbonatoa gehituta:

Coc-H+Cl + NaHCO3 → Coc + H2O + CO2 + NaCl

Amonio bikarbonatoa gehituta:

Coc-H+Cl + NH4HCO3 → Coc + NH4Cl + CO2 + H2O

Amonio karbonatoa gehituta:

2(Coc-H+Cl) + (NH4)2CO3 → 2 Coc + 2 NH4Cl + CO2 + H2O

Prozedura honen bitartez sintetizatutako cracka tabakoaren antzera erre daiteke, kokaina-hautsaren propietate farmakologikoak galdu gabe. Izan ere, kokaina klorohidratoa zigarreta gisa erretzen denean (marihuanarekin nahasia askotan), beroaren eraginez %1ak bakarrik gordetzen ditu ezaugarri farmakologikoak (atseden-sentsazioa, euforia, kitzikapena). Cracka erretzen denean berriz, %84k gordetzen ditu ezaugarri horiek.[3]

Aisialdiko kontsumoa

AEBetako FDAren afixa crackaren arriskuen berri ematen duena: «Crackak bizitzak hondatzen ditu»

Cracka zigarretetan, urezko pipatan edo freskagarri pote hutsetan erretzen da. Urezko pipetan crackaren ke beroa hoztu egiten da irentsi baino lehen. Potean erretzeko, berriz, poteari mailatu bat egiten zaio, eta bertan zulotxo batzuk ere. Potea horizontalki ipintzen da, barnean ur pixka bat duela. Crack zatiak mailatuko zulotxoen gainean paratzen dira eta metxero batez su ematen zaie. Erretzaileak poteari edateko egiten zaion zulotik tiratzen du kea barnerantz.[3]

Kea gorputzera sartzen denean, kokaina oso azkar pasatzen da biriketatik odolera eta odoletik garunera. Sei bat segundoren buruan flash deituriko efektua sortzen dio erretzaileari. Euforia, indar-sentsazioa eta erabateko autokonfiantza sentitzen du, baina baita ikara eta insomnioa ere. Burmuinean dopamina kantitate handia askatzeak eragiten du hasierako ongizate sentsazio hori.[3]

Cracka erre eta 5-10 minutu geroago erdiesten da efektuaren gailurra.[4] Ondoren, garuneko dopamina mailak behera egiten duenean, erretzaileak oso egoera txarrean aurkitzen du bere burua. Depresioak eta paranoiak jota, indarkeriaz joka dezake. Efektu horren antzekoa izaten da kokaina hautsa zainaren barnera injektatzen denean.[3]

Kontrako efektuak

Erre orduko, crackak odol-hodiak uzkurtzen ditu. Ondorioz, odol-presioa igo egiten da eta bihotz-taupadak azkartu, takikardia eraginez. Biriketako konbultsioak ere izan ditzake erretzaileak, arnasa gelditu (apnea) eta hil ere egin daitekeelarik.[3]

Kontsumitzen hasi eta denbora gutxira mendekotasuna eta tolerantzia sortzen ditu. Haren mende dauden askok, saiatu arren, ez dute lortzen lehenbiziko esperientzietako atsegin handia. Hori dela eta, maiz dosia handitzen dute efektu euforikoak areagotzeko eta luzatzeko. Sarri kontsumitzen duten pertsonek suminkortasuna, antsietatea, haluzinazioak eta paranoiak izan ditzakete. Psikosia pairatzeko arrisku handia dago.[4]

Erreferentziak

  1. Haranburu Oiharbide, Mikel, Balluerka Lasa, Nekane, Gorostiaga Manterola, Arantxa, Guerra Plaza, Jesús. Psikopatologia. Udako Euskal Unibertsitatea, 2014, ueu.eus (Noiz kontsultatua: 2024-8-25).
  2. Feinstein, D. Methamphetamine: The Drug Epidemic of the 90's; Problems and Solutions. ojp.gov (Noiz kontsultatua: 2024-8-25).
  3. a b c d e f g Bardino von, K.. Crack droga; azken izurritea. Elhuyar aldizkaria, 1990/05/01, CC-BY-SA-3.0, aldizkaria.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2024-8-25).
  4. a b Cocaine. usdoj.gov (Noiz kontsultatua: 2024-9-1).

Kanpo estekak

Autoritate kontrola
  • Wikimedia proiektuak
  • Wd Datuak: Q330694
  • Commonscat Multimedia: Crack cocaine / Q330694

  • Identifikadoreak
  • LCCN: sh87000392
  • NKC: ph534690
  • NARA: 10636927
  • Hiztegiak eta entziklopediak
  • Britannica: url
  • Medikuntzako identifikadoreak
  • MeSH: D016578
  • Wd Datuak: Q330694
  • Commonscat Multimedia: Crack cocaine / Q330694